Maurice Abeberry gogoan: bilduma bat

2021-06-04  ¦  Artxibo soinudunak

Euskal kultur erakundeak lan berezi bat eraman du, "Maurice Abeberry omendua" elkarteko artxiboak hautatuz eta landuz, Mintzoak.eus Iparraldeko ahozko memoriaren atarian ager daitezen, denen esku izateko gisan. 1950-1980 hamarkadetako pertsonaia garrantzitsu hori ezagutzeko parada ezin hobea.

Maurice

"Maurice Abeberry omenduz" elkartekideak

"Maurice Abeberry omenduz" elkarteak EKE-ri egin emaitza baten karietara, Mintzoak atarian Maurice Abeberry-ren (1926-1988) omenezko orrialde berezi bat garatu dugu, besteak beste euskal pilota nazioarte mailan garatzeko egin zuen lana oroitarazteko.

Biografia bat jasotzen du, bai eta artxibo ezberdinak ere (prentsa artikuluak, ekarpenak, soinu eta bideo grabaketak, argazkiak), horietarik gehienak sekulan argitaratuak izan ez zirenak. Bilduma horren osatzeko, hainbat elkarrizketa filmatu ditugu bera ezagutu zuten pertsonalitate batzuekin.

Begi keinu ederra, jakinez 2021eko azaroaren 3an 30 urte ospatuko direla Pantxoa Saint-Esteben artistak Larrungo Zizkoitzeko lepoan Maurice Abeberry-ren omenez zizelkatu obra estreinatu zenetik.

2021eko maiatzaren 27an, lan guzti horren emaitza aurkeztu da prentsaurreko baten karietara, Uztaritzen. 

"Maurice Abeberry omenduz" elkarte-kideen presentzian iragan zen aurkezpena. Maurice Abeberry-ren ekarpena aipatu digute, abokatu, politikari eta kultura eragile gisa, baita ere, oroz gainetik, pilotaren nazioarteko garapenaren sustatzaile bezala.

Gehiago jakin

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.