Pierre Andiazabal

Sorturtea: 1923

Heriotze urtea: 2020

Afiliazio herria: Urruña

Pierre Andiazabal Urruñako Plazako Errotan sortu zen 1923ko urtarrilaren 18an. Aita Azkaingo Serres auzokoa zuen, eta hor instalatu zen eiherazain bezala Karrera Baitako Ussaralde okin eta jabearentzat lan eginez. Emaztea han ezagutu zuen (1921) eta hiru haur ukan zituzten, Pierre gehiena izanik.

Pierre herriko eskola publikoan izan zen (eskola pribatua berantago egin zen). Orduko Cachenaut bikarioaren gomendioak segituz, Uztaritzeko Seminario Txikian sartu zen (1934-1941). Han Baxoa eskuratu eta Baionako Seminario Handira joan zen ikastera (1941-1947). Baina 1942an soilik sartu ahal izan zen, alemaniarrek hartua baitzuten. Artean, Donibane Garaziko Mayorga kolegioan izan zen urte batez. Seminario Handiaz eta Bigarren Mundu Gerlaz oroitzapenak baditu: Uztaritzeko Seminario Txikian "seminarista-irakasle" izan zenekoa (errekisizionatuak izan ziren irakasleen ordezkatzeko), eta 1944ko martxoaren 27ko Biarritzeko bonbardaketa.

1947ko agorrilaren 29an apez izendatua eta Hazparneko mutikoen eskola pribatuko bikario-irakasle izan zen (1947-1953). 1953ko agorrilaren 3an Uztaritzeko Seminario Txikiko irakasle eta ekonomo izendatu zuten. 1979ko ekainaren 6an Baionako Seminario Handiko ekonomo eta kontzientzia zuzendari izan zen (1979-1994) eta diozesako etxearen zuzendari. 1994ko apirilaren 21ean Baionako katedraleko kalonje titular izendatu zuten.

Euskal liturgia erreformaren eragile

1963an Liturgia Batzordeko kide izendatua eta Vatikanoko II. Kontzilioaren ondotik (1962-1965) idazkari, Pierre Andiazabalek Euskal Herriko liturgia erreforman esku hartze handia izan zuen testu gehienak euskarara itzuliz (salmodiak ez ezik). Lan ikaragarri horren egiteko denboran batzordekideak literatura aholkulari izan zituen.

1963tik goiti Pierre Andiazabal Ipar Euskal Herrian eta 1969tik goiti Hego Euskal Herriko, (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa) apezekin lanean aritu zen Erromako liturgia batzordeari euskara batuzko bertsio bakarra aurkezteko. Langile nekaezina zen. Ipar Euskal Herriko parrokia abesbatzen batzordeko kide izan zen 1969an sortu zenetik, eta hedabideetan ere parte hartzen zuen (Radio Lapurdi irratiko euskal kronika 1993tik, meza euskaraz ETBn).

2015 hasieran, osasun arrazoiengatik, Kanboko Arditeya zahar egoitzara joan zen beste apez zenbait bezalaxe. Han filmatu izan da. Adin eta osasun arazoengatik akidura keinuak eman ditu (memoria galtzeak, daten nahastea) lehen ordu erdian. Paradoxikoki beharbada, euskal itzultzailea izanik etengabe lerratzen da hizkuntza batetik bestera. Bernard Harambillet Baionako diozesako artxibozainak eta Marcel Etchehandy benediktarrak eman informazioei esker, kalonjeak eman elementuak egiaztatu eta osatu ahal izan ditugu.

Pierre Andiazabal gizon xume eta isila zen. Bere lekukotasuna balio handikoa da, ezen itzalean egin gaitzeko lanari merezi duen neurria eta garrantzia agerian ematen baitio.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 LAPURD-1 Euskal liturgiaz (1. partea) 2000-05-13 0:50:39 Uztaritze Maite Deliart
2 LAPURD-2 Euskal liturgiaz (2. partea) 2000-05-13 0:45:08 Uztaritze Maite Deliart
3 229 229 - Pierre Andiazabal 2015-03-06 0:58:18 Kanbo Terexa Lekumberri

Pasarteak

Pasarte muntaketak

Artxiboko irudiak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.