Maite Idirin

Sorturtea: 1943

Heriotze urtea: 2024

Afiliazio herria: Angelu

Maite Idirin Bizkaiko Ugao herrian sortu zen 1943ko uztailaren 12an, hiru haurrideko familia batean (biritxiak barne).

5 eta 13 urte artean, herriko eskola publikoan ibili zen. 1956tik goiti, dendari batekin josteko klaseak hartu zituen, baina jantzigintzako arropen moda zela eta, erabaki zuen lanbide horretan ez segitzea. 1958 eta 1962 urteen artean, merkataritza ikasketak egin zituen Bilbon, eta horri esker, lana aski fite aurkitu zuen.

1969an, arrazoi politikoak zirela eta, Baionan hartu zuen aterpe, eta gero Parisen. Han, Vincennes-eko Unibertsitatean soziologia ikasten ibili zen, arratsetan latindar auzoko kafe-antzoki batean kantuz ari zen ber.  Pariseko Euskal Etxean Jokin Apalateguiren ezagutza egin zuen, eta 1971n ezkondu ziren. 1972an seme bat sortu zen, Ur izenekoa.

Familia 1973ko urrian itzuli zen Euskal Herrira. Jokin Apalateguik, Joseba Jakak eta Maitek “Zabal” euskal liburu denda sortu eta 1974ko agorrilaren 14an estreinatu zuten. Maitek han lan egin zuen, 1999an hetsi zen arte.

Maite Idirinen kantatzeko grina gaztaroan hasi zen. Lehenik, Jose Cruz Gorostizak zuzentzen zuen Ugaoko parropia-abesbatzan sartu zen, eta ondoren, izen bereko parropiako San Anton abesbatzan, Bilbon. 1968ko maiatzean, lehen errezitaldia eman zuen burasoen sorterrian, Zeberion, eta urte bereko azaroan bere lehen diskoa grabatu zuen. Handik goiti, Bizkaiko plaza eta herrietan ibili zen, "euskal kantu berria" ordezkatzen zuten beste kantari edo kantari talde batzuekin batera.

Ipar Euskal Herrian eta Parisen izan erbestealdiek bide horretan profesionalizatzera bultzatu zuten pixkanaka. Parisen, hiru urte eta erdiz gauero kantatu zuen Miguel Arozena gipuzkoarraren Candelaria kafe-antzokian. Euskal Herrira itzultzean, kostaldean kokatu eta kantu herrikoian jarraitu zuen (kontzertu franko Okzitanian, Bretainian, Flandrian, Katalunian, baita Eslovenian ere, Ortziken ikusgarria beste euskal artista batzuekin).

1975etik goiti, kantu klasikoa lantzen hasi zen, lehenik Baionako kontserbatorioan eta gero Bordelekoan. Musika klasikoaren inguruko talde ezberdinak sortu zituen bere kantuaren laguntzeko: Camerata Contemporánea, Euskal Kamerata, hirukote bat Maryse Graciet-Guitard (flauta) eta Muriel Dupin-ekin (harpa), bikoteak Alejandro Zabala (pianoa) eta Gotzone Higuerarekin (pianoa). Errezitaldi anitz eman zituen Euskal Herrian eta Europan. Horien artean, besteak beste, "Herriz Herri" aipatu behar da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak diruztatu itzulia. Halaber, Maite Idirin abesbatza ezberdinetan sartu zen, soprano-bakarlari gisa: lehenik Xabier Pello Portuk zuzendu Euskal Herriko Abesbatzan (zeinetan Maite ahotsen trebakuntzaz arduratu zen), eta gero Baionako Xaramela abesbatzan eta Presencia ahots taldean.

Maite Idirinek disko franko argitaratu zituen (4 single eta 4 disko, estudioan grabaturiko 2 CD eta kontzertuan grabaturiko beste 2) eta, bereziki  telebista saio ezberdinetarako kantu andana bat, musikari batzuen laguntzaz grabatuak. Argitaratu gabeko grabaketak badira, hala nola  2010eko ekainaren 25ean, Bilboko Campos Eliseos antzokian Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin egindako kontzertua (Maitek XIX. eta XX. mendeetako bost euskal emazte konpositoreren inguruan egin ikerketaren emaitza), 30 euskal kantu klasiko Alejandro Zabala piano-jolearekin emanak eta beste 15 Gotzone Higuerarekin, hau ere piano-jolea. Maite Euskal Kantu Txapelketaren sortzaileetarik bat izan zen ere.

2024ko urtarrilean zendu zen.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 MB-60 Maite Idirin 1974-12-31 0:15:00 Baiona Maite Barnetche
2 MB-76 Ortziken 1975-11-15 0:19:17 Baiona Maite Barnetche
3 MB-150 Daniel Landart euskal idazle eta olerkaria 1979-04-01 0:19:19 Baiona Maite Barnetche
4 MB-169 Euskararen egoera soziolinguistikoa 1980-04-19 0:14:58 Donibane Lohizune Maite Barnetche
5 MB-209 Maite Idirin 1982-09-18 0:15:26 Baiona Maite Barnetche
6 MB-210 Maite Idirin [frantsesezko azpitituluekin] 1982-09-25 0:15:30 Baiona Maite Barnetche
7 MB-251 Emazteek diote 1984-05-19 0:16:08 Hazparne Maite Barnetche
8 MB-252 Emazteek diote [frantsesezko azpitituluekin] 1984-05-26 0:16:08 Hazparne Maite Barnetche
9 255 255 - Maite Idirin 2015-12-03 1:38:10 Angelu Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.