Irkus Robles-Aranguiz

Sorturtea: 1937

Afiliazio herria: Beskoitze

1937ko martxoaren 29an sortu da Irkus Robles-Aranguiz, hilabete bat Gernikako bonbardaketa baino lehen (1937ko apirilaren 26an) Begoñan (Bilboko barrutia, Bizkaia, Euskal Autonomia Erkidegoa). Hamaika haurrideko zortzigarrena da.

1937ko udaberrian, sortu eta hamar bat egun iragan eta haren gurasoak, Bilbotarrak biak (Manu Robles-Aranguiz, Eusko Langileen Alkartasuna (ELA) sindikatuaren sortzailea, Eusko Alderdi Jeltzaileko diputatua (EAJ) eta Luisa Bernaola) ipar Euskal Herrira ihes egiten dute haien 8 haurrekin. Larroulet Jaunak die lehenik Kanbon harrera eskaintzen (Bainuetxeetan zuen hotel batean) eta aski fite Leku Eder etxea erosten dute Beskoitzen, urte bereko azaroan bertan plantatzeko.

1939ko urtarrilan Ugutz sortu eta beste bi anaia eta arreba bat etorriko dira (hauen artean Estitxu gazteena, 1944an). Laborantzako mozkinez xumeki bizi da familia, aita erresistentzian sartua delarik (Beskoitze eremu okupatuan da).

1942tik 1952ra (zertifikata lortzen duen urtea), Beskoitzeko eskola publikoan ibiltzen da Irkus, Ugutz anaia gazteagoa eta Iker eta Agurtza anaia eta arreba zaharragoekin batera.

Bilbora itzultzen da ondotik familia: Irkus eta bere ama azkenik abiatzen dira 1952ko azaroan, Leku Ederria laborari bati alokairuan utziz.

Orduan du Irkusek gaztelera ikasten, antzerkian (Txinpartak taldea), dantzatzen (Olaeta Baletak) eta kantuz (laukotearen sortzea 1958an) hasten da. Laukotea aldatzen da 1960an Iker eta Ugutz, Irkusen anaiak, arrazoi politikoak tarteko berriz ere frantses Euskal Herrira ihes egin behar dutelarik. 1963 arte segituko du taularatzen Soroak taldeak.

1953 eta 1956 artean, Antzeak eta Lanbideak formakuntza segitzen du ere Irkusek Bilbon eta marrazkilari gisa sartzen da Basauri (Bizkaia) hiriko Firestone lantegian (publizitate eta karta turistiko arloetan). Lantegi horretan berean bukatzen du haren ibilbide profesionala 40 urteren buruan (1956-1995).

Margolaritzaren deia haurtzarotik entzunik, lehen erakusketa 1973an, Bilbon aurkezten du Irkusek. Egun hartaz geroz, erregularki erakusketak plazaratzen ditu Euskal Herrian eta atzerrian. Euskal margolari ezagutua izanik, haren anaia-arreba ugari famatuak bilakatu dira arlo artistiko desberdinetan (kantua, dantza, antzerkia, kontua, arte plastikoak bereziki).

1963an ezkondu eta 1982an bereizirik, hiru haurren aita da Irkus. Loiun (Bizkaia - 1978tik 1982ra) bizi egon eta berriz Bilbon (1982-1995), Nafarroako Auritzen plantatu da 1995ean.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 323 323 - Irkus Robles-Aranguiz 2018-08-23 1:29:57 Beskoitze Terexa Lekumberri

Pasarteak

Pasarte muntaketak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.