Johañe Erbin

Sorturtea: 1938

Afiliazio herria: Sohüta

Johañe Erbin Sohütako Hoki auzoan sortu zen 1938ko abenduaren 8an. Bere burasoak laborari xumeak ziren eta beren etxaldea 17 hektarekoa baizik ez zen. Familiak eihera bat bazuen, ogia irintzeaz gain hiru auzorentzat elektrizitatea ekoizten zuena. Johañek lau anaia bazituen eta arreba bat. Etxeko heziketa gogorra zen: aitarentzat lana balore nagusia zen; ama aldiz, alaiagoa zen. Irakurtzea eta kantatzea maite zuen. 

9 urtetan, Johañek erabaki zuen apez izan nahi zuela. Auzoko eskolan, euskaraz mintzatzea debekatua zen eta zigorrak baziren.  

14 urtetan, Mauleko kolegioan sartu zen. Hor, euskararekiko tolerantzia handiagoa zen, baina apezen heziketa bortitza zen.  

1956an, Akizeko seminarioan sartu eta hor liturgia eta filosofia ikasi zituen. 1960 urteen hastapenean, Baionako diozesan sartu zen eta ondotik, bere ikasketak Lyon-eko Prado-n segitu zituen. Han, bere apezgoaren bidez, langileen mundua ezagutu zuen.  Esperientzia horrek markatu zuen.

1966an, Maulen apez izendatua izan zen eta beste urte batez segitu zuen Lyon-en. 

1967an Euskal Herrira itzuli zen eta bi urtez Mauleko bikario izendatu zuten. Ondoren, Baionako apezpikuak Euskal Herriko gazteri giristinoaren baserrialdeko mugimenduaren (MRJC) omonier federal izendatu zuen. Jendartearen alor guzietan eragina ukan zuen 1968ko maiatzaren giroan, euskal gazte batzuk ezagutu zituen ezarritako ordena zalantzan jartzen zutenak, autoritaterik onartzen ez zutenak eta autogestioa aldarrikatzen zutenak.

1970eko hamarkadan, Baionako apezpikutegiak ez zuen bere inplikazio soziala begi onez ikusten, baina bere hautua errespetatu zuen. Apezpikutegiarekin harreman gatazkatsuak ukanik ere, Johañe langile apez bilakatu zen laborari munduan. Besteak beste, Urtiague enpresaren kondu baserriz baserri ibiltzen zen siloratzeetan laguntzeko. Hurbiltasun hori baliatu zuen laborariak elgarren artean antola zitezen sustatzeko. Laborantza materialaren erabilpen kooperatiben (CUMA) sortzaileetan izan zen, eta horien animatzaile izan zen 2000 arte.

2000 eta 2005 urteen artean, apez izan zen lehenik Atharratzen eta gero Eretan. 

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 388 388 - Johañe Erbin 2021-04-22 1:03:59 Sohüta Dominika "Titika" Recalt

Pasarteak

Pasarte muntaketak

# Izenburua Iraupena
1 Zuberoako lehen CUMA (1970.hamarkadan) 0:05:50
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.