Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren lekukotasun sortak
2022-11-22 ¦ "Eleketa" programa
Azken 15 urte hauetan daramagun Eleketa ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketaren emaitzen ezagutzeko modu berri bat proposatzen dizugu atari honetan. Izan ere gai baten inguruan hautatutako elkarrizketa zatiak edo lekukotasun sortak ikusteko parada ukanen duzu hemendik aitzina.
Eleketa bezalako funtsen arakatzeko balio dute lekukotasun sorta horiek. Adibide gisa lau bilduma eman ditugun sarean. Bideo-pasarte hautatuez osatuak. Gehienek azpitituluak badituzte.
- EUSKAL ANTZERKIA IPARRALDEAN (1950-1990)
Ipar Euskal Herrian kasik berrogeita hamar urtez (1922-1970) ekintza katoliko gisa apezen esku egonik, laikoek beregain hartu zituzten antzerki taldeak, abertzale batzuek berehala konprenituko zutela euskal alor horren garrantzia. Garai hartaz mintzo diren zonbait lekukoren elkarrizketa zatiak entzungai hemen. - ZAPATAGINTZA HAZPARNEN (1950-1970)
Euskal kultur erakundeak, Eleketa ahozko memoriaren bilketaren programaren baitan, zapatagintzak Hazpandarren gogoan utzi aztarnak (bigarren mundu gerlatik landa) bildu ditu, zonbait lekukotasun grabatuz. Hemen dago bilketa horren lagin bat. - II. MUNDU GERLA GARAIA IPARRALDEAN (1939-1945)
Euskal kultur erakundeak Eleketa ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketaren karietara II. mundu gerlari buruz grabatu zonbait lekukotasun zatiren hautaketa. - DONIBANE LOHIZUNE - ZIBURUKO PORTUA (1935-1995)
Eleketa ahozko memoriaren programaren baitan bildu XX. mendeko Donibane Lohizune - Ziburuko portuko itsasturien lekukotasun-zatien hautaketa bat.
Beste lekukotasun sorta batzuk argitaratuko ditugu ondoko hilabeteetan, gure transmisio egitasmo desberdinetan agertuko diren beharren arabera edota publiko zabalak gustukoak ukan lezazkeen gaiak aukeraturik. Eleketa funtsaz bestalde beste artxibo-bilduma batzuk ematen ahalko dituzte ere agerian.
2007. urteaz geroztik garatzen du Eleketa programa Euskal kultur erakundeak, Pirinio Atlantikokoko Departamenduaren obralaritzaren pean, erakunde honen jabegoan direlarik bildutako grabaketak. Gaur arte 460 lekukotasun baino gehiago bilduak izan dira karia hortara, gehienak euskaraz.