Maite Barnetche-ren telebista emankizunak EKE-n ikusgai
2018-10-22 ¦ Telebistako artxiboak
Euskal kultur erakundeak eta INA - Frantziako entzun-ikusen erakundeak (Tolosako adarra - INA Délégation Pyrénées) lan amankomuna abiatu zuten 2017an Maite Barnetche (1941-1986) kazetariak 1971 eta 1985 artean zuzendu "Euskal Herria Orai eta Gero" telebista emankizunen baloratzeko. Elkarlan horren ondorioz EKE-ko egoitzan, Uztaritzen, kontsultagarri dago funts paregabe hori.
1971ko urriaren 4an, FR3 katean, egundaino aditu ez zen hizkuntza entzuten da telebistan: euskara. Euskal Herria orai eta gero emankizuna sortu da, Maite Barnetche kazetariak zuzendurik. Hogei urteren istorioa hor hasten dela, nehork ez daki, ez eta 300 emanaldietatik lehen atala baizik ez dela hedatzen egun hartan.
Hilabetean bi aldiz Euskal Herriko gai guziak jorratuko ditu emankizunak: laborantza, bertsularitza, arrantza, ekonomia, modernitatea, familia, ikastolak, artea, gazteria, antzerkigintza, lizeo-kolegioak, euskal diaspora... Herriz herri, xokoz xoko, Maite Barnetche Euskal Herriko bazter guzietan kurrituko da, egiazko antropologo bat bailitzan. Haren lan eta jendetasun paregabea islatuko dira 300 emankizunetan.
Egiazko altxorrak daude INA-ren jabegoan diren dokumentu horietan. EKE eta INA-ren arteko partaidetza-hitzarmenaren karietara emankizun bakoitzaren mamia laburbiltzen duen fitxa egina izan da, aldi guziz testuinguru historikoa eta etnologikoa nabarmenduz. Euskarazko laburpen bat idatzia izan da ere. Tratamendua, INA-ko dokumentazio arau zehatzetan oinarritu delarik. Kattalin Totorika-k eta Maider Bedaxagar-ek eraman dute lan xehe hori.
Orain, emankizun guziak Euskal kultur erakundeko Ahozko ondare kontsultagunean ikusten ahal dira, Uztaritzen, hitzordua hartuz gero (0(033)5 59 93 38 70 zenbakira deituz edo kontsulta@eke.eus helbidera mezu bat igorriz), baita ere Frantzia osoko "Inathèques" izeneko bilguneetan (Pauen, Bordelen, Tolosan...). Hemendik aitzina, funts hori molde batez edo bestez ahalik eta herritar gehienen eskura ezarria izan dadin, beste balorapen bideak aztertuko dira ere (interneten edota herriz herri antolatu animazio desberdinen bitartez, adibidez).
Gehiago jakin
- "Euskal Herria Orai eta Gero" (1971-1986): emankizunen zerrenda
- Bildumaren aurkezpen txostena (PDF)
- Maite Barnetche
- Frantziako "INAthèque" kontsultaguneak Frantzian