Ahozko memoriaren bilketa Xiberoan: Eleketa programaren lehen emaitzak eta ondoko urratsak

2018-09-15  ¦  "Eleketa" programa

Joan den irailaren 13an, Maulen, Euskal kultur erakundeak Departamenduaren obragintzapean daraman Eleketa programaren aurkezpen bat egina izan zaie Xiberoko hautsetsi eta kultura eragile batzuei, Mauleko herriko etxearen laguntzarekin. Ahozko memorioaren bilketaren segida Xiberoan aipatua izan da bereziki.

Johañe

Johañe Etchebarne artzaina (1933-2016).

Eleketa programaren lehen bi urteetan (2007-2008), filmatuak izan ziren lekukoak Baxenabarrekoak ziren. Emeki emeki bilketa Lapurdin eta Xiberoan hasi zen 2009an. Philippe Etchegoyhen laguntzailearen aholkuei esker, Johañe Etchebarne artzaina (1933-2016) EKE-k filmatu lehen xiberotarra izan zen.
Geroztik, Xiberoko lekukoen zerrenda luzatu da. Une honetan 44 lekuko elkarrizketatuak izan dira, 19 herritan banaturik. Horiei gehitzen ahal zaizkie beste 50 lekuko Badihardugu elkarteak filmatu dituena (ahotsak.eus egitasmoaren baitan).

Terexa Lekumberri Eleketa programako arduradunak bilketaren historia eta metodologia aipatu ditu Mauleko bilkuraren lehen partean, Mondragoneko unibertsitateko hiru ikaslek landu aurkezpen-bideo labur bat erabiliz. 
Bideo horren xiberotarrezko bertsioaren egilea Mathilde Baqué izan da, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko ikaslea.
Beste eginkizun batzuen artetik, lan honetaz arduratu da ere EKE-n bere Master 2 "Ondarea eta Museoak" praktika ikastaldian.


Ondotik, Xiberoan, 2009 eta 2018 artean bildu zonbeit lekukotasunen pasarteak erakutsi zaizkie hurbildu zirenei, Mathilde Baqué-k landu 20 minutuko bideo-muntaketa bati esker.


Azkenik, Jakes Larre EKE-ko egitasmo numerikoen arduradunak bildutako lekukotasunen balorapen bideak aipatu ditu laburzki, adibideak emanez (mintzoak.eus webgunea, erakusketa ibiltariak, dokumentalak, sorkuntza artistikoak...).

Xiberoan ahozko bilketaren segitzeko asmoa agertu da eta bilkuran parte hartu duten jendeen laguntzarekin elkarrizketa daitezkeen lekuko interesgarriak hautatuko dira ondoko asteetan.

Gehiago jakin

 

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.