Badihardugu elkartearekin elkarlanean
2017-03-09 ¦ "Ahotsak" bilketa, "Eleketa" programa
Euskal kultur erakundeko eta Badihardugu elkarteko ordezkariek hitzarmena izenpetu zuten 2017ko otsailaren 17an. Honen bidez, Deba ibarreko euskara elkarteak www.ahotsak.eus webgunean bildurik dituen Ipar Euskal Herriko lekukotasunak katalogatu eta erabiltzeko aukera ematen dio EKE-ri. Trukean, EKE-ren jabegoan diren hainbat testigantza eskuratuko ditu Badiharduguk.
Badihardugu elkartearen helburuetako bat Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak biltzea eta hedatzea dela; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta haien euskara eta bizipenak eskuratzea eta herritarren artean zabaltzea. Helburu horren betetzeko Euskal Herriko hainbat herritako jende adinduei inkestak eginez material audioa zein bideozkoa bildu du. Material hori egokitu eta transkribatu ondoren www.ahotsak.eus webgunean zintzilikatzen dute.
Euskal kultur erakundeak antzeko lana darama Eleketa ahozko memoriaren bilketaren bidez.
Helburu hurbilak dituztela kontuan hartuta, elkarri laguntza emateko eta indarrak optimizatzeko, elkarlanerako hitzarmena adostu dute Badiharduguk eta EKE-k.